2.9. Mendetasuneko egoera eta sistemaren prestazioetarako eskubidea onartzeko prozedura. Foru araudi aplikagarria
Prozedurari buruzko oinarrizko irizpideak erabakitzeko lana AMASeko Lurralde Batzordeari esleitu bazaio ere, AMALeko I. tituluko IV. kapituluak gai horri buruzko oinarrizko zenbait kontu jasotzen ditu, jarraian aipatuko dugunez:
– Prozedura eskatua da (mendekotasun mailaren bat izan dezakeen pertsonak edo haren ordezkariak eskatuta hasten da).
– Onartzeko ebazpena eskatzailearen bizilekuari dagokion administrazio autonomikoak ematen du, eta Estatuko lurralde osorako balio du.
– Ebazpenaren gutxieneko edukia: eskatzaileari mendetasun gradu eta mailaren arabera dagozkion zerbitzu eta prestazioak.
– Mendetasun gradua eta maila interesatuak eskatuta edo ofizioz berrazter daitezke, mendetasuneko egoera hobetu edo okertu bada, edo diagnostikoan edo dagokion baremoa aplikatzeko akatsen bat egon bada.
– Mendetasuneko egoeraren balorazioa, zerbitzu eta prestazioen agindua eta prestazio ekonomikoen kudeaketa herri administrazioek egingo dituzte zuzenean, eta ezingo dira erakunde pribatuekin eskuordetu, kontratatu edo itundu.
– Banakako Arreta Plana (BAP) egitea mendetasuneko egoera onartzeko prozeduraren esparruan kokatzen da eta interesatuak eskatuta, ofizioz edo bizilekua beste autonomia erkidego batera aldatzeagatik berraztertu ahalko da.
– Prestazioak amaitu edo aldatuko dira onarpenerako ezarritako edozein betekizun aldatzen denean edo legezko betebeharrak betetzen ez badira.
AMALeko 28.1 artikulua, bestalde, orokorki Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari (HAAJ eta APEL) lotzen zaio. Ager litezkeen errekurtsoei buruz ebazteko eskumena duen jurisdikzio-ordena administrazioarekiko auziarena da.
Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordeak mendetasuneko egoera onartzeko prozedurarako oinarrizko irizpideei buruzko zenbait erabaki hartu ditu:
– Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Erakundearen 2007ko maiatzaren 23ko Ebazpena, zeinen bidez mendetasuneko egoera baloratzeari buruzko erabakiak ezartzen dituen Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen erabakia argitaratzen den.
Erabakiak %65 edo gehiagoko minusbaliotasunen (pasaguneak deritzenak) aldez aurretiko onarpenen homologaziorako irizpideak jasotzen ditu, mendetasuneko egoeraren balorazioaren eskumena eskatzailea bizi den administrazio autonomikoari dagokiola xedatu, eta balorazio organoak osatzeko irizpide komunak ezartzen ditu.
Xedatzen duenez, balorazio organoaren irizpen proposamenak –zein interesatua aztertu ondoren eman beharko baita–, edonola ere, mendetasunaren diagnostikoa, egoera, gradua eta maila, eta pertsonak behar litzakeen zaintzak jaso beharko ditu. Azterketa horretan, pertsonak eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak bere buruz egiteko daukan gaitasuna eta adimen urritasuna edo gaitz mentala duten pertsonek haiek egiteko duten laguntza eta ikuskapen premia (komunitatearen baitan norberaren autonomia maila nahikoa betetzeko laguntza premiak barne) baloratuko ditu.
Pertsonaren osasunari eta bizi den inguruneari buruzko txostenen garrantzia azpimarratzen du, eta gizarte txostena funtsezko eta ezinbestekotzat jotzen du BAP prestatzeko.
– Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Erakundearen 2007ko uztailaren 16ko Ebazpena, mendekotasuneko egoera eta AMASen prestazioetarako eskubidea onartzeko jarraitu beharreko prozedurari buruzkoa. Ebazpen horren aplikazioaren lurralde esparrua Ceuta eta Melilla hiriei dagokie.
– Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko otsailaren 4ko Ebazpena, Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen mendetasuneko egoera baloratzeko organo eta prozedurei buruzko Erabakia argitaratzekoa.
Aipatu araudia aztertuta, prozedura honela deskriba dezakegu:
PROZEDURAREN URRATSAK |
Prozeduraren hasiera: eskaera |
Eskaeraren eta emandako agirien zuzenketa (beharrezkoa bada) |
Prozeduraren izapidetzea |
Mendetasun gradua eta maila erabakitzea: • interesatuaren azterketa (azterketak edota probak) • diagnostikoari eta mendetasun gradu eta mailari buruzko irizpen-proposamena ematea (pertsonak behar litzakeen zaintzak zehaztuz) |
Mendetasuneko egoera onartzeko ebazpena honakoak zehaztuz: • ateratako mendetasun gradua eta maila • eskatzaileari mailaketa horren arabera dagozkion zerbitzuak eta prestazioak |
Gradua eta maila, eta onartutako prestazioak berraztertzea (beharrezkoa bada) |
Banakako Arreta Programa (BAP) egitea |
BAP berraztertzea (beharrezkoa bada) |
Errekurtsoak (egonez gero) |
Zerbitzu edo prestazioaren eskaera |
Zerbitzu edo prestazioa esleitzea |
Prozeduraren oinarrizko arauketak ez du lagundu interpretatzeko ildo argiak finkatzen. Nahasmena sortu da, ea prozedura bakarra, bi edo, kasu batzuetan, jarraikako hiru prozedura ziren: mendetasun gradua eta maila erabakitzea, BAP egitea eta zerbitzua edo prestazioa esleitzea. Horrek ebazteko epeak gainjartzea ekarri du eta, hortaz, luzapen handiegia, mendetasuna arlo hain sentikorra izan arren, esku-hartzearen berehalakotasuna funtsezkoa baita.
Dirudienez, defizit publikoa murrizteko neurri bereziak hartzeko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Dekretu-Legearen bidez eztabaida bukarazi da. Haren arabera, "mendetasuneko prestazioaren eskabidea sartzeko dataren eta hura onartzeko ebazpenaren epea, gehienez ere sei hilekoa izango da, administrazio eskudunak mendetasuneko egoera eta prestazioak onartzeko prozedura bereiziak ezarri balitu ere" (5.1 artikulua).
Honako koadroan AMAL indarrean sartu zenetik euskal foru aldundiek prozedurari buruz emandako xedapen nagusiak jaso dira.
|
MENDEKOTASUNEKO EGOERA ONARTZEKO PROZEDURA |
ARABAKO FORU ALDUNDIA |
39/2007 Foru Dekretua, apirilaren 24koa, Arabako Lurralde Historikoan mendetasuneko egoera eta autonomiarako eta mendetasunarentzako arretarako sistemaren zerbitzuetarako eskubidea eta sarbidea onartzeko prozedura arautzen dituena. 85/2008 Foru Dekretua, irailaren 16koa, hurrenez hurren, mendetasuneko egoera eta autonomiarako eta mendetasunarentzako arretarako sistemaren zerbitzuetarako eskubidea, eta sarbidea onartzeko prozedura eta mendetasuna onartu ez zaien eta Lurralde Historiko honetako Gizarte Zerbitzuen Foru Sarearen erabiltzaileak diren pertsonen sarbide eta lekualdaketa araubidea arautzen dituzten apirilaren 24ko 39/2007 eta maiatzaren 8ko 45/2007 Dekretuak aldatzen dituena. |
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA |
74/2007 Foru Dekretua, apirilaren 24koa, mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duena. 197/2007 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duen apirilaren 24ko 74/2007 Foru Dekretua aldatzen duena. 197/2008 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Mendeko Pertsonak Baloratzeko Batzordea sortu eta arautzen duena. 162/2009 Foru Dekretua, abenduaren 1ekoa, mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duena. 83/2010 Foru Dekretua, ekainaren 14koa, Mendeko Pertsonak Baloratzeko Batzordea sortu eta arautzen duen abenduaren 16ko 187/2008 Foru Dekretua aldatzen duena. 93/2010 Foru Dekretua, uztailaren 20koa, mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 1eko 162/2009 Foru Dekretua aldatzen duena. |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA |
320/2007 Foru Agindua, apirilaren 25ekoa, mendetasuneko egoera baloratzeko baremoa eta hura erabakitzeko prozedura ezartzen dituena. 545/2007 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Sakontzen eskalaren bidez lortutako puntuaketak MBB eta RAI-RUG tresnen balioetara bihurtzeko baliokidetasun sistema ezartzen duena (abenduaren 22ko 1914(2008 Foru Aginduak indargabetua). |
Ikusten denez, hiru aldundiek aldi berean onartu zuten arauketa, baina ez zioten lege maila bera eman.
Gipuzkoako Lurralde Historikoak zehaztasunik txikieneko arauketa dauka. Hori dela-eta, jarraian aztertuko dugun prozeduraren alderdi askotan, ez dugu aipatuko Gipuzkoako Foru Aldundiak araututakoa.
Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez, AMAL indarrean sartu ondoren prozedura arautzeko egindako lehen foru dekretua (74/2007) indarrean dagoen 162/2009 Foru Dekretuak indargabetu du, –Zioen Azalpenean adierazitakoaren arabera– prozedura gertatutako egoera berrietara egokitzeko, izapideak errazteko eta prozesu bizkor eta babesten duen errealitateari egokituagoa lortzeko xedez.
Jarraian, hiru foru aldundiek erabilitako prozedurari buruzko zenbait alderdiri helduko diegu, nabarmentzekoak direlakoan:
a) Prozeduraren hasiera: eskaera
Arestian azaldutako oinarrizko irizpideen arabera, prozedura interesatuak edo ordezkatzen duenak eskatu ondoren hasten da (Araban eta Gipuzkoan izatezko zaintza egiten duena berariaz sartzen da).
Hiru aldundiak bat datoz eskabideak aurkezteko tokia pertsonaren bizilekuari dagokion udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuen bulegoetan kokatzeko (Bizkaiak eta Gipuzkoak erroldatuta egotea aipatzen dute). Araban, bizilekua Gasteizen dutenek Gizarte Informazio eta Arretarako Bulegoan edo Orientabide eta Balorazio Zentroan aurkeztu beharko dute, biak Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen mendekoak izanda.
b) Prozeduraren izapidetzea
Eskabidea egiaztatzea eta, beharrezkoa balitz, 10 egun balioduneko epean balizko akatsak zuzentzea, baloraziorako hitzordua jakinaraztea eta gizarte txostenari edo espedientearen balorazioari berari buruzko zenbait alderdi jasotzen dira.
c) Mendetasun gradua eta maila erabakitzea
Mendetasuneko egoera baloratzeko erakundeei mendetasun gradu eta mailari buruzko irizpena emateko lana esleitzen zaie, mendetasuna baloratzeko baremoa (MBB) erabiliz, eta pertsona behar litzakeen zaintzak zehaztu behar dituzte. Horretarako, osasunari eta eskatzailea bizi den inguruneari buruzko txostenak eta, halakorik balego, agindu zaizkion laguntza teknikoak ortesiak eta protesiak hartuko dituzte aintzat.
Araban, mendetasuneko egoeraren balorazioa Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeko Minusbaliotasuna duten Pertsonen Arloko Zuzendariordetza Teknikoari atxikitako Orientabide eta Balorazio Zentroko teknikariek egiten dute; Bizkaian, lan hori Norberaren Autonomia Sustatzeko Zuzendariordetzari atxikirako Balorazio eta Orientabide Zerbitzuko Mendetasunaren Balorazio eta Orientabide Atalak betetzen du; eta Gipuzkoan, Gizarte Zerbitzuen Arreta eta Sarbide Zerbitzuko Mendetasunaren Balorazio eta Orientabide Atalak burutzen du lan hori.
AMASen Lurralde Batzordeak erabaki batzuk hartu ditu onarpena egin behar duten organoaren eta profesionalen ezaugarri komunei buruz[28].
Bizkaian, Mendeko Pertsonak Baloratzeko Batzorde Teknikoa sortu eta arautzen duen abenduaren 16ko 197/2008 Foru Dekretuaren bidez.. Balorazioari buruz erabakiak hartzen laguntzeko organo horren bidez irizpideen sakabanaketa saihestu eta zorroztasun eta fidagarritasun handiagoak bermatu nahi dira. Haren irizpena derrigorrezkoa da ebazpen proposamenak pertsona mendetasuneko egoeran ez dagoela xedatzen duenean eta konplexutasun tekniko handiko kasuetan. Irizpena aldekoa bada, interesatuari entzunaldiko izapidea ematea aurreikusten da. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi digu ez dela entzunaldiko izapiderik jartzen irizpena kontrakoa bada. Arabako Foru Aldundiak ere ez du aurreikusten.
Orokorrean, balorazio taldeek azterketak, elkarrizketak eta beharrezkotzat jotzen dituzten bestelako probak egin ditzakete, eskatzailearen egoera ebaluatzeko egokiak badira, eta beste zerbitzu edo erakundeetatik xede horretarako egokitzat jotzen dituzten txostenak bil ditzakete.
Arabako araudian balorazioa bizilekuan egin beharra xedatzen da. Balorazio organotik irizpen teknikoa jaso ondoren, Minusbaliotasuna duten Pertsonen Arloko Zuzendariordetza Teknikoak "ebazpen proposamena egin eta Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen (GOFE) Zuzendaritza-Gerentziara igorriko dio".
Bizkaian, pertsona mendetasuneko egoeran dagoela erabakiz gero, proposamena Gizarte Ekintzako diputatuak erabaki dezan bidaltzen da.
d) Mendetasuneko egoera baloratzeko tresnak
AMALeko 27. artikuluak espainiar Estatuan mendetasuna baloratzeko baremo (MBB) bakarra jasotzen du.
Baremo hori apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu da[29]. Hiru urtez azpikoentzako berariazko balorazio eskala (BBE) jasotzen du, legeko hamahirugarren xedapen gehigarriak xedatutakoa betez.
MBBk baloratzen du pertsonak, bere buruz, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak (EBOJ) burutzeko duen gaitasuna eta adimen urritasuna edo gaitz mentala duten pertsonak haiek burutzeko duten laguntza eta ikuskapen premia baloratzen ditu (legeko 27.4 artikulua)
Balorazio tresnak protokolo bat dauka, hura aplikatzeko jarraitu beharreko prozedura eta teknikekin, eta mendetasun gradu eta maila bakoitzari dagozkion puntuazio tarteen zehaztapena:
– I. gradua. Mendetasun arina: pertsonak, eguneroko bizitzako oinarrizko zenbait jarduera egiteko, gutxienez egunean behin laguntza behar dutenean edo bere autonomiarako aldizkako laguntza edo laguntza mugatua behar duenean. MBBren 25 eta 29 puntu arteko azkeneko puntuazioari dagokio.
– II. gradua. Mendetasun latza: pertsonak, eguneroko bizitzako oinarrizko zenbait jarduera egiteko, egunean bitan edo hirutan laguntza behar duenean, zaintzailearen etengabeko laguntza behar gabe, edo bere autonomiarako laguntza zabala behar duenean. MBBren 50 eta 74 puntu arteko azkeneko puntuazioari dagokio.
– III. gradua. Mendetasun handia: pertsonak, eguneroko bizitzako oinarrizko zenbait jarduera egiteko, egunean zenbait aldiz laguntza behar duenean eta, autonomia fisiko, mental, adimeneko edo zentzumenezkoa erabat galdu izanagatik, beste pertsona baten ezinbesteko eta etengabeko laguntza behar duenean, edo bere autonomiarako laguntza orokorra behar duenean. MBBren 75 eta 100 puntu arteko azkeneko puntuazioari dagokio.
Era berean, MBBk gradu bakoitzeko maila biak (1. maila eta 2. maila) norberaren autonomiaren eta pertsonak behar duen zaintzaren intentsitatearen arabera identifikatzea ahalbidetzen du, AMALeko 26. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren arabera, eta baliaezintasun handiko pentsioa edo hirugarren pertsona baten laguntza premia onartuta dutenen mendetasuneko egoeraren onarpena eraginkorra izatea ahalbidetzen du.
Lan eta Immigrazio Ministerioak balorazioaren profesionalentzako gidaliburu bi argitaratu ditu:
– MBB erabiltzeko gidaliburua.
– BBE (zero eta hiru urte arteko adinetan) erabiltzeko gidaliburua.
AMASen Lurralde Batzordeak Apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuan xedatutako MBB aldatzeari buruzko erabakia hartu du. Erabakia Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez argitaratu da. MBB aplikatzeagatik lortutako emaitzak ebaluatu ondoren, hobekuntza batzuk sartu nahi ditu mendetasuneko egoera modu objektiboagoan hartzeko eta haren graduak eta mailak hobeto sailkatzeko. Aldaketa hori oraindik ez da dagokion Errege Dekretuaren bidez onartu; Erabakiak berak aurreikusten du Errege Dekretua argitaratu eta hamabi hilabetera sartuko dela indarrean30].
EAEn, hiru foru aldundiek MBB darabilte balorazio tresna.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, RAI-RUG (Resident Assessment Instrument – Resource Utilization Groups)[31] balorazio sistema darabil bere lurraldeko zenbait foru zerbitzu, hala nola egoitzako arreta (iraunkorra edo aldi baterakoa) edo adinekoentzako eguneko egoitza (320/2007 Foru Agindua) eskuratu ahal izateko. Foru erakunde horren ustez tresna osgarri horrek honakoak ahalbidetzen ditu:
– pertsonak eskatutako baliabideari dagokionez daukan gaitasuna zehaztea (MBBren bidez baliabide hori eskatzeko eskubidea emango zioketen mendetasun gradua eta maila lortu balitu ere);
– haren ezaugarrietarako egokiena den egoitza plaza orientatzea (oinarrizko plaza, narriadura kognitiboa duen pertsonarentzat, unitate psikogeriatrikokoa, osasun kargaduna edo MJSAk kolonizatutako pertsonarentzat[32]);
– eta pertsona bere laguntza kargari dagokion tarifa taldean sailkatzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspuntutik, "eskabide bikoitza izapidetzea eta balorazio denbora gehiago eskatzen baditu ere, MBBk baino informazio gehiago ematen duen balorazioa da".
Bizkaian RAI 2006tik egiten zen. Indargabetutako 2007/74 Foru Dekretuak xedatzen zuen mendetasuna baloratzeko ebazpenak balorazio tresna bien (MBB eta RAI) emaitzei buruz erabaki behar zuela; lehenengo emaitzak Estatuko lurralde guztian izango zuen balioa eta RAIri dagokiona Bizkaian baino ez zen aplikagarria izango (Foru Dekretuko 8, 16 eta 17. artikuluak).
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi zigun RAIk emandako informazioa laguntza handia zela gizarte langileentzat Banakako Arreta Programa (BAP) egiteko; izan ere, "sistemak ‘arazo’ arlo batzuk finkatzen zituen eta horiei esker azken balorazio txostenean haietako baten bati buruz alarma seinalea eman zitekeen; horrek arreta edo zaintza plana prestatzea errazten zuen, pertsona bere etxean geratu zein egoitza batean sartzen bazen". Haren aburuz, sistemak sakonago aztertzen zuen ebaluatutako pertsonaren mendetasuneko egoera.
Hala ere, abenduaren 1eko 162/2009 Dekretu berria indarrean sartu denetik, Bizkaian bigarren balorazio tresna hori erabiltzeari utzi zaio.
Bestalde, balorazioak egiterakoan antzemandako arazoei dagokienez, aldundiek eurek aipatu dute baremoa aplikatzeko irizpide desberdintasuna (autonomia erkidegoen artean eta hiru lurralde historikoen artean), haien iritziz, tresnaren sortzaileek egindako gidaliburuetan jasotzen ez diren egoera asko daudelako. Balorazio organoek osasun txostenetatik –maiz zaharkituak zirelako edo behar beste bete gabe zeudelako– kalitatezko osasun informazioa lortzeko zeuzkaten arazoak ere aipatu zituzten.
e) Ebazteko epea
Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko otsailaren 4ko Ebazpenak, zeinen bidez Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen mendetasuneko egoera baloratzeko organo eta prozedurei buruzko Erabakia argitaratu baita, hirugarren erabakiaren laugarren puntuan –prozeduraren oinarrizko irizpideei buruzkoa– espedienteak ebazteko epeei buruzko arau batzuk ematen ditu.
Dioena hitzez hitz kopiatuko dugu:
"4. Abenduaren 14ko 39/2006 Legea garatzen duen araudiaren arabera izapidetutako espedienteak ebazteko epeak.
Autonomia Erkidegoek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako esparruan, prestazioak baloratzeko eta onartzeko prozedura arautzen duten legeetan honako irizpideak sartuko dituzte:
a) Eskabidea sartzen den dataren eta mendeko prestazioaren onarpena ebazteko dataren arteko gehienezko epea sei hilekoa izango da. Autonomia Erkidegoak mendetasuneko egoera eta prestazioak onartzeko prozedura bereiziak ezarri balitu, mendetasuneko egoera onartzeko gehienezko epea hiru hilekoa izango da.
b) Interesatuek seme-alaba edo adingabearen ezgaitasun egoera egiaztatu ahal izateko, amatasun edo aitatasun baimena eta, halakorik balego, dagozkion subsidioak zabaltzearen ondoreetarako, administrazio eskudunek xedatuko dute, kasu horietan, BBEren aplikazioaren bidez hiru urtez azpikoen mendetasuneko egoera onartzeko ebazpena gehienez ere 30 egun naturaleko epean eman beharko dela, eskabidea erakunde eskudunaren erregistroan sartu den datatik zenbatuta".
Arabari dagokionez, xedatu denez, ebazpena gehienez ere hiru hileko epean jakinarazi behar da, eskabidea Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen oinarrizko gizarte zerbitzuan jasotzen den egunetik zenbatuta. Epe horrek mendetasuneko egoera onartzeari baino ez dagokio; ez, aldiz, prestazioei. Bigarren kasu horretan, ebazpena gehienez ere hiru hileko epean jakinarazi beharko zaio eskatzaileari, BAP prestatzeko behar diren agiriak aurkezten direnetik zenbatuta.
Bizkaian, mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duen abenduaren 1eko 162/2009 Foru Dekretuak gehienezko bi hileko epea ezarri zuen, eskabidea Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailean jasotzen denetik. Prestazioak edo zerbitzuak esleitzeko epea baliabide jakina eskuratzeko berariazko araudian xedatzen zen.
Hura aldatu zuen uztailaren 20ko 93/2010 Foru Dekretuak bere egin zuen defizit publikoa murrizteko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Dekretuak eskubidearen eraginkortasunari buruz hartutako neurri berezia. Horrela, Bizkaian xedatzen da mendetasuneko prestazioaren eskabidea sartzeko dataren eta hura onartzeko ebazpenaren epea, gehienez ere sei hilekoa izango dela, administrazio eskudunak mendetasuneko egoera eta prestazioak onartzeko prozedura bereiziak ezarri balitu ere.
Gipuzkoako araudiak ez du epe zehatzik berariaz ezarri. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ziurtatu digu "gai izan [dela] mendetasuna baloratzeko Estatuko zerbitzurik bizkor eta azkarrena emateko". Dioenez, "baloratzeko epeari dagokionez, beti izan da 3 hiletik beherako epea eta, 2007an, urteko batez bestekoa 60 egunekoa izan da eta, 2008an, 43koa (...) 2008ko azken hiletan eta 2009ko lehenengoetan 15-20 egun natural ingurukoa izan arte". Erantsi duenez, "epe hori autonomia erkidego ia guztietan batez beste erabiltzen ari den 3 hiletik gorakoa baino askoz laburragoa da".
f) Administrazioaren isiltasuna
Kontu honi buruz, Bizkaiko Foru Dekretuak honakoa xedatzen du: "ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko bi hileko epea berariazko ebazpenik hartu gabe igarotzen bada, mendetasuneko egoera onartzeko eskabidea administrazioaren isiltasunak ezetsitzat joko da, Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra kaltetu gabe. Administrazioaren isiltasunaren bidezko ezespenaren ondorio bakarrak interesatuei egokia litzatekeen errekurtso administratiboa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea ahalbidetzea da".
Alor honetako isiltasunaren ondorioei buruzko doktrinaren inguruko eztabaida bat dago eta epairen batek administrazioaren isiltasunari estimazio balioa ematea hobetsi du[33]. Funtsean, isiltasunaren izaera positiboaren aldekoek HAAJ eta APELeko 43.1 artikuluaren aplikazioa argudiatzen dute, mendetasuneko gradua eta maila onartzeko prozedura alderdi batek eskatuta hastea eta legez xedatutako epean ebazpenik ez egoteak ondorio negatiboa izatea xedatzen duen lege, lege mailako arau edo erkidego mailako arauetan jasotako salbuespenik ez egotea. Era berean, argudiatzen dute emandako autonomia xedapenek (dekretuek edo aginduek) ez dutela maila nahikorik isiltasun administratibo negatiboa arautzeko. Iritzi horren aurkakoek mendetasunaren onarpenaren isileko ebazpenaren beraren edukiaren zehaztugabetasuna edo eduki ezinezkoa argudiatzen dute (HAAJ eta APELeko 62.1.c artikulua), haien iritziz, ez lituzkeelako zehaztuko mendetasun gradua eta maila eta onuradunarentzako zerbitzu edo prestazio egokiak. Halaber, argudiatzen dutenez prozedura horretan balorazio tekniko bat dago, eta hura gabe ezin liteke azken ebazpenik eman, bestela, HAAJ eta APELeko 62.1.f artikuluaren arabera, baliogabetasunean jausiko litzatekeelako ("ahalmenak edo eskubideak hartzeko ordenamendu juridikoaren aurkako balizko egintzak haiek hartzeko funtsezko betekizunak betetzen ez direnean")[34].
g) Ebazpena
Mendetasuneko egoera onartu eta haren gradua eta maila zehazten dituen ekintzaren izaera juridiko-administratiboa da; ebazpena, edonola ere, arrazoitua izan beharko da.
Aldundi bakoitzak ebazpen horren edukia zein izango den ezarri du, eta oraingoan ez dago haien artean alde handirik:
– Araba: mendetasun gradua eta maila, balorazioa behin-behinekoa ala behin betikoa izatea, berrikusteko data beharrezkoa balitz, gradu-maila horrengatik dagozkion baliabideen katalogoa eta dagokion justifikazioa ebazpen proposamenetik aldentzen bada.
– Bizkaia: mendetasun gradua eta maila, eskaeraren data, dagozkion zerbitzuak eta prestazioak zehaztea, behin-behinekoa ala behin betikoa izatea eta berrikusteko data erabakitzea beharrezkoa bada (3 urtez azpikoentzat, edonola, 6, 12, 18, 24 eta 30 hilabete betetzerakoan).
– Gipuzkoa: AMASen prestazioen eskatzailearen eskubidea ebatziko duen MBBaren araberako balorazioa eta, dagokionean, adinekoek Gipuzkoako eguneko zentroetan eta egoitza zentroetan sartzeko eskubidea ebatziko duen RAI-RUGen araberako balorazioa.
MBBren aplikazioko diagnostiko akats bat eta mendetasuneko egoera hobetzea edo okertzea arrazoiak dira, ofizioz edo interesatuak eskatuta, mendetasun gradua edo maila berrikusteko.
h) Premiazko prozedura
Arabako prozedurak arrazoitutako ebazpenaren bidezko salbuespenezko zerbitzu esleipena jasotzen du, eskatzailearengan premia bereziko inguruabarrak gertatzen direnean. Ebazpen hori ebatzi eta jakinarazteko gehienez ere hamabost egun naturaleko epea xedatzen du, eskabidea aurkeztu den egunetik zenbatuta. Halako kasuetan, zerbitzuaren esleipena behin-behinekoa da, gehienez ere hilabeterako. Lehenago eskatu ez balu eta salbuespenez esleitutako baliabidea AMASen katalogoan agertuko balitz, onuradunak zerbitzu horretan egiatan sartu aurretik eskatu beharko du mendetasuneko egoera onartzeko. Halako kasuetan, mendetasuneko egoera eta prestazioetarako eskubidea onartzeko epeak hamabost egun baliodunekoak dira, hurrenez hurren.
Bizkaian, zehaztasun txikiagoz, aurreikusten da Mendeko Pertsonak Baloratzeko Batzorde Teknikoak xedatutako irizpideen arabera behar bezala justifikatutako premiazko kasuetan, eskatzailea lehentasunez baloratuko dela.
Gipuzkoan, Gizarte larrialdi zerbitzuak ezohiko kasu baten aurrean jardungo luke, arauak berariaz jaso ez arren. Administrazioek emandako datuen azterketari buruzko atalean informazio hori zabaldu dugu.
i) Banakako Arreta Plana (BAP) prestatzea
Mendetasuneko egoera onartzeko ebazpena interesatuaren aldekoa bada, dagokion erakunde eskudunak BAP onartzeko betebeharra izango du[35].
Horrek haren gradu eta mailarako ebazpenean aurreikusitako zerbitzu eta prestazioen artean, onuradunaren premientzat eta ezaugarri pertsonal, familiar eta sozialentzat eta haren ingurunearen ezaugarrientzat egokiena den esku-hartze modalitatea zehaztea dakar.
Zeregin horretan derrigorrez parte hartu behar du onuradunak (haren familiak edo ordezten duten erakunde zaintzaileek, hala balegokio), lehenago hari entzunez edo galdetuz.
Kapitulu honetako prestazioetarako sarbiderako eskubidearen eraginkortasunari buruzko 2.6. atalean adierazi dugunez, lege testuaren zehaztugabetasuna dela-eta zalantzan geratzen da ea mendetasuneko egoera onartzeko ebazpenaren eraginkortasuna BAP onartu arte etenda geratuko ote litzatekeen. Hala balitz, arauak prozedura autonomo hori –BAP onartzekoa– bukarazteko epea ez ezartzea ebazpena eraginik gabe uzteko bidea izan liteke, arbitrariotasunerako bide bat. Izan ere, herritarren kexak izapidetzen ari ginenean, BAP egiteko atzerapenak eta are denbora tarte horretan zendutakoak erregistratu genituen, horrek dakarren eskubide galerarekin.
Edonola ere, HAAJ eta APELeko 42.3 artikulua aplikatuta, epe hori ezin zitekeen inoiz hiru hilabetetik gorakoa izan. Hura da Arabako dekretuak gizarte baliabidea esleitzeko xedatutako epea, adibidez, BAP egiteko behar diren agiriak emandako unetik zenbatuta.
AMALek 29.1 artikuluan hitzez hitz dioenari –"mendetasuneko egoera eta dagozkion prestazioak onartzeko prozeduraren esparruan, dagozkion gizarte zerbitzuek (...) Banakako Arreta Programa bat ezarriko dute"– lotuz gero, ordea, egokiagoa dirudi prozedura bakar baten aurrean gaudela pentsatzeak. Horren ondorioz, uler liteke HAAJ eta APELen ebazteko xedatutako gehienezko epeak –hiru hilabetekoa prozedura hasten denetik– edo, bestela, arautegi autonomikoak ezarriko lukeenak, era berean, BAP ere hartu behar lukeela[36].
Defizit publikoa murrizteko neurri bereziak hartzeko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Dekretu-Legeak eztabaida hori bukarazi du, ebazteko epea sei hiletan finkatuz, mendetasuneko egoera eta prestazioak onartzeko prozedura bereizia ezarri balitz ere.
Adierazi dugunez, Bizkaiko Foru Aldundiak bere egin du xedapen hori. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren arauketa berria dela-eta (40/2010 Foru Dekretua), onuradunei eta betekizunei buruzko seigarren artikuluan, Errege Dekretu-Legearen edukia sartu eta aipatzen du ezinezkoa dela prestazioa jasotzea pertsona BAP egin aurretik zentzen bada.
Bestalde, Bizkaiko Foru Dekretuko 9.2 artikuluak aukera sartzen du interesatuak eskubidea daukan zerbitzu edo prestazio eskaera egintzat jotzeko hark BAP sinatzeko unean berariaz adierazten badu, ondoren Mendetasunaren Balorazio eta Orientabide Zerbitzuak baiesten badu eta gerora behar diren agiriak eman ahal izatea kaltetu gabe.
Bestalde, Bizkaiko araudian Aldundiaren gizarte zerbitzu espezializatuek oinarrizko gizarte zerbitzuei BAP diseinatzeko eman diezaieketen laguntza aipatzen da.
Araban, BAP egitea Gizarte Ongizateko Foru Erakundeak mendetasuneko egoeran dagoen pertsonari esleitutako erreferentziazko gizarte langileari dagokio. Gizarte Esku-hartze Arloko Zuzendariordetza Teknikoak BAP horrekin ados dagoela adierazi beharko du. BAP horrek, edonola ere, honakoak jaso beharko ditu:
– mendeko pertsonaren gizarte eta familia egoera jasotzen duen txostena;
– hautatutako gizarte zerbitzua edo zerbitzuak;
– eta hautatutako zerbitzua eskuratzea ezinezkoa denean behin-behinean aplikatuko den zerbitzua edo prestazio ekonomikoa.
AMALen arabera, BAP interesatuak eskatuta, ofizioz eta beste autonomia erkidego batera bizitzera joateagatik berrikusiko da.
Bizkaiko Foru Aldundiak xedapen hori jaso du eta, gainera, berrikuspena oinarrizko gizarte zerbitzuek eskatuta egiteko aukera ere jaso du. Bizilekua beste lurralde historiko batera aldatzea ere berrikusteko arrazoia izan daiteke.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako informazioaren arabera, Gipuzkoan BAP fisiko bat egitea ez dago prozeduraren edo betekizunen baitan. Jendeak balorazioa eskatu eta, aldi berean, Udalean baliabide bat eskatzen dute; eskabide biak sare informatikoaren bidez iristen zaizkio Aldundiari. Baliabide batzuk eskatuz gero, sistemak eskabide desberdintzat hartzen ditu. Sistemak eskatzaile bakoitzak une oro duen egoera erantsia (balorazioak, eskabideak, itxarote-zerrendak, egonaldiak, zenbatekoak, etab.) ezagutzea ahalbidetzen dio foru erakundeari, espediente elektronikoaren bidez. Zerbitzua edo prestazioa onartzea onartutako mendetasun gradu-mailak zerbitzu edo prestazio hori jasotzeko eskubidea ematearen araberakoa da.
Horrela, esan digutenez, etengabe eguneratzen den a posteriori-zko BAP moduko bat daukate, pertsona bakoitzak jasotzen duen arreta islatzen duena, baina ez a priori-zko BAP bat betekizun moduan edo beste aldaketa batzuetarako lehenagoko urrats gisa eguneratu behar dena.
Sistema horren abantaila nagusia da prozesua bizkortu egiten dela, prozesu teorikoaren zati bat kentzen delako. Era berean, esan digute horrela sistema informatiko batekin funtzionatu ahal izan dutela, modulua erantsi gabe.
Gipuzkoako Foru Aldundiak honako hausnarketa helarazi digu: haien ikuspuntutik, "BAP egoki bat udal oinarrizko gizarte zerbitzuan egin behar litzateke, interesatuaren adostasuna bermatu, Udalak etengabe eguneratuta egon eta erabilitako baliabide guztiei buruzko informazioa jaso behar luke". Dioenez, "gaur egun, horretarako udalak egokitu behar lirateke, giza baliabideei, antolakuntzari, erabiltzailearenganako arretari, erabil daitezkeen informazio sistemei dagokienez, eta hori ez da kasu gehienetan gertatu". Hori dela-eta, uste du baldintza horiek betetzen ez dituen BAP bat prozedura oztopatu eta erabiltzailea kaltetzen duen izapide hutsa bihur daiteke.
j) Zerbitzuetarako sarbidea
Mendetasuneko egoera onartzeko prozedura arautzen duen Arabako legea, 39/2007 Foru Dekretua, da zerbitzuetarako sarbideak ere arautzen dituen bakarra. Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko araudia aplikatzen da oraindik.
Administrazioaren isiltasunari dagokionez, Araban, BAP prestatzeko behar diren agiriak aurkezten direnetik hiru hileko epea gizarte baliabide mota esleitzeari buruzko berariazko ebazpena hartu gabe igaroz gero, BAPek adierazitako prestazio ekonomikoa onartutzat joko da, behin-behinean aplikatzeko, hautatutako zerbitzua eskuratzea ezinezkoa denean.
Arabako araudiak gizarte baliabidearen modalitate zehatza esleitzeko ebazpenaren edukia arautzen du: emandako baliabidea, dagokion zentroa, zerbitzuaren baldintza ekonomikoak eta prestazioa hasteko data. Baliabidea eskuragarri ez badago, ebazpenak lortutako puntuazioa jaso beharko du pertsona baliabideak berresleitzeko programan sartzeko (itxarote-zerrenda), edo erabakitako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa eta hasteko data hautatutako zerbitzua eskuratzea ezinezkoa den heinean. Bestalde, dekretuak baliabideak berresleitzeko programaren araubideari, plaza hutsei eta zentroan egiatan sartzeari heltzen die.
Bestalde, zerbitzua eskuratzeak esleitutako gizarte zerbitzuaren finantzazioan erabiltzaileak duen parte hartzeagatik ordaindu beharko den prezio publikoa ezartzea eskatzen du. Hiru lurraldeetan, parte hartze hori dagokion pertsonaren gaitasun ekonomikoaren araberakoa da eta, beraz, kalkulu hori egin baino lehen haren egoera ekonomikoa baloratu behar da. Aldundi bakoitzak bere arautegia dauka, eta ez dago irizpide bakarra prezio publikoa kalkulatzeko ez prezio baturik hiru lurraldeetan.
Bukatzeko, honako koadroan mendetasunaren babesari buruzko araudiei buruzko aipu batzuk sartu ditugu. Haiek aztertzeak txosten hau egiterakoan proposatutakoa gaindituko luke.
ARABAKO FORU ALDUNDIA |
12/2006 Foru Araua, azaroaren 20koa, Gizarte Ongizateko Foru Erakundea erakunde autonomoaren langileria Mendetasunaren Sistema Nazionala kudeatzeko zabaltzeari buruzkoa. 30/2008 Foru Dekretua, apirilaren 22ko, mendeko pertsonak Sare Publikotik kanpoko Egoitza Zentroetan eta Komunitate Etxebizitzetan aldi baterako sartzeko Laguntza Ekonomikoen araudia onartzen duena. |
---|---|
BIZKAIKO FORU ALDUNDI |
145/2001 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasuneko mendeko adinekoentzako eguneko zentroetan; mendeko adinekoentzako eguneko zentroetako plaza adostu edo itunduetan sartzeko; eta mendeko adinekoentzako eguneko zentroetako adostu edo itundu gabeko plazetan sartzeko banakako laguntza ekonomikoak onartzeko sistema arautzen duena (abenduaren 30eko 214/2008 eta urtarrilaren 27ko 7/2009 foru dekretuek aldatua). 204/2003 Foru Dekretua, urriaren 28koa, Minusbaliotasuna duten Pertsonenganako Arretarako aldundiaren zentroetako eta itundu, adostu eta kontratatuetako prezio publikoak aplikatzea eta haien arauketa garatzea erabakitzekoa. 210/2005 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, zeinen bidez mendeko adinekoentzako egoitzen foru zerbitzu publikoetarako sarbide araubidea eta familia eta zaintzaileei arnasa emateko egoitza zerbitzuaren aldi baterako egonaldiko prestazioaren baldintzak arautzen baitira. 144/2010 Foru Dekretua, abenduaren 9koa, zeinen bidez Bizkaiko Lurralde Historikoan «Familia ingurunean mendetasunari norberaren autonomia sustatzeko ekintzen, borondatezko lanaren eta mendeko pertsonen zaintzaileentzako laguntza psikosozialaren bidez arreta emateko programa» garatzeko diru-laguntzak arautzeko oinarriak onartzen baitira. Bizkaiko Foru Aldundiaren 108/2006 Foru Dekretua, ekainaren 13koa, zeinen bidez Bizkaiko Foru Aldundiaren beraren zentroetan, adostuetan edo erakunde honekin kontratatuetan minusbaliotasuna duten pertsonei ematen zaizkien eguneko arretako egoitza zerbitzuetako plazetan aldi baterako egonaldiko araubidean sartzeko sistema arautzen baita. 235/2006 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, mendeko adinekoentzako egoitzen foru sareko egoitza sozio-sanitarioetako unitateetan sartzeko araubidea eta laguntza zerbitzuaren prestazioaren baldintzak arautzen dituena. 30/2008 Foru Dekretua, martxoaren 18koa, Gizarte Arretako Foru Sailaren telelaguntza zerbitzuaren prestazioaren prezio publikoa aplikatzea erabaki eta arautzen duena. 32/2008 Foru Dekretua, martxoaren 18koa, telelaguntza foru zerbitzu publikoan sartzeko araubidea eta zerbitzua emateko baldintzak arautzen dituena. Bizkaiko Foru Aldundiaren 70/2008 Foru Dekretua, maiatzaren 6koa, uztailaren 7ko 96/2005 Foru Dekretua eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 13ko 108/2006 Foru Dekretua aldatzen dituena. 29/2009 Foru Dekretua, otsailaren 24koa, mendeko nagusientzako egoitza foru zerbitzu publikoan sartzeko araubidea eta egonaldi iraunkorreko zerbitzua emateko baldintzak arautzen dituena. |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA |
38/2007 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, mendeko adinekoentzako egoitza zerbitzuak ituntzeko behar diren baldintzak ezartzen dituena. 445/2007 Foru Agindua, ekainaren 4koa, mendeko adinekoentzako egoitza zerbitzuak ituntzeko behar diren baldintzak ezartzen dituen maiatzaren 22ko 38/2007 Foru Dekretuaren 2007ko ekitaldirako ezarpen maila xedatzen duena. 87/2008 Foru Dekretua, abenduaren 23koa, minusbaliotasuna duten edo mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako Etxean programako banakako laguntzak ematea arautzen duena. |
[28] Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen 2007ko maiatzaren 23ko Ebazpena, mendetasuneko egoeraren balorazioari buruzko erabakiak ezartzeko Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren erabakia argitaratzekoa, eta Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko otsailaren 4ko Ebazpena, Autonomiarako eta Mendetasunarentzako Arretarako Sistemaren Lurralde Batzordearen mendetasuneko egoera baloratzeko organo eta prozedurei buruzko Erabakia argitaratzekoa.
[29] Txosten hau itxi ondoren, Norberaren Autonomia Sustatu eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak xedatutako mendetasuneko egoera baloratzeko baremoa onartzen duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua onartu da, baina ez da indarrean sartuko 2012ko otsailaren 18a arte.
[30] Txosten hau itxi ondoren, Norberaren Autonomia Sustatu eta mendetasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak xedatutako mendetasuneko egoera baloratzeko baremoa onartzen duen otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua onartu da, baina ez da indarrean sartuko 2012ko otsailaren 18a arte.
[31] RAI screener+: Arreta Sozisanitarioaren Euskal Kontseiluak, 2005eko otsailaren 17ko saioan, RAI (Resident Assessment Instrument) eta RUG III (Resources Utilization Groups) sistemak EAE osoan mendetasuna duten pertsonak sailkatzeko tresna baliodun hartzeari buruz Batzorde Teknikoak egindako proposamena onartzea erabaki zuen.
Bizkaiko Foru Aldundiak emandako informazioaren arabera, baloratzeko RAI-RUG sistema 20 herritan erabiltzen da (AEB, Kanada, Japonia, Europako hainbat herri, etab.), eta bere balorazioan 327 item (21 arlo) dauzka; AEBko estatu administrazioarekin sinatutako kontratuaren pean, Michigango Unibertsitateak laguntza eskatzen duten pertsonek epe luzean izango dituzten zaintza premiak iragar ditzakeen algoritmoa garatu zuen. Algoritmo horri "MI Choice" edo "Michigan Choice" deritzo. "Choice" (hautua, erabakia...) hitzaren zentzua honakoan datza: erabiltzaileek etxez etxeko gizarte (EBOJ eta EBJI) eta osasun laguntzekin etxean jarraitzea edo egoitza batean sartzea hauta dezakete. Algoritmoak bost "zaintza maila" iragartzen ditu, eta honako zaintza modalitateei dagozkie:
– NH. (Nursing Home/Bizilekuko Laguntza): pertsonak eguneko 24 orduetan eta etengabe behar ditu zaintza pertsonalak eta osasun arreta.
– HC. (Home Care/Etxeko Zaintzak): pertsonak etxean edo egoitza batean jaso dezake laguntza, baina laguntza edo terapia zerbitzu intentsiboak (astean hirutan baino gehiagotan), gutxieneko mailako laguntza edo terapia zerbitzuak (astean behin edo bitan), edo zaintza pertsonal intentsiboko zerbitzuak (eguneroko laguntza zenbait zereginetarako).
– IPC. (Aldizkako zaintza pertsonala): pertsonak bere etxean edo ekipamendu komunitario batean jaso dezake arreta eta gutxieneko zaintza pertsonala behar du (eguneroko laguntza bat baino gutxiago edo zeregin bakarrerako eguneroko laguntza bat, esaterako bainua hartzeko).
– HM (Etxeko arreta): bere etxea behar bezala edukitzeko eta aldi berean bere burua mantentzeko, pertsonak laguntza ez pertsonala behar du, hala nola otorduak, etxearen garbiketa, garraioa, etab.
– I&R (Informazioa eta bideratzea): pertsonak informazioa lortzeko laguntza behar du, baina ez du zerbitzu formalik behar.
[32] Metizilina jasaten duen Staphylococcus aureusa.
[33] Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, Administrazioarekiko Auzietako Sala, 8. Atala, 1848/2009 zki., urriaren 9koa (RJCA/2009/847) [lerroan]. Westlaw.es webgunean eskuragarri.
[34] LAFUENTE BENACHES, María Mercedes. El reconocimiento de la situación de dependencia por silencio administrativo. Revista general de derecho administrativo 24, 2010.
[35] LAFUENTE BENACHES, María Mercedes. El reconocimiento de la situación de dependencia por silencio administrativo. Revista general de derecho administrativo 24, 2010.
36] TOSCANI JIMÉNEZ, Daniel. Algunas observaciones críticas sobre el largo y tortuoso camino para el reconocimiento de la situación de dependencia. Aranzadi Social [lerroan], 14. zki. (2009). BIB 2009/1796. Westlaw.es webgunean eskuragarri.